| Berezko unibertsitate baten sortzea |
|
Berezko unibertsitate baten sortzea Batera Plataforma sortzen delarik 2002an, baxilergoaren ondotik segitzen ahal diren formakuntzen eskaintza ez da gaur egun ezagutzen duguna. Bertzalde, geroztik, frantses estatu mailan aldaketa sakonak bizi izan dituzte unibertsitateek. Unibertsitatearen aldarrikapena guttienik aintzinatu den aldarrikapena da, Baterarentzat. Bainan ez da baztertua eta merezi du oraino hurbiletik aztertua izaitea. Gaurko egoera Gaur egun, Baionan ez dago berezko unibertsitaterik. Baionako poloa Paueri zuzenki lotua da. Bere garapena gauzatu da, joan diren urteetan, erakasle eta ikertzaileen borondateari eta lanari esker, tokiko hautetsi batzuen sostenguarekin. Paueko unibertsitateak ez du begi onez ikusten berezko unibertsitate baten sortzea Baionan, Baterak galdegiten duen bezala.
Bainan, urtez urte, Baionako partea garatu da, beti unibertsitatearen aktoreei esker baita ere ikasleen galdeari aurre egiteko. Ikasleen Ikuskaritzak (ministeritzari lotua den elkartea) azpimarratzen du 2011ko sartzean, lehen aldikotz, 3.000 ikasle baino gehiago direla Ipar Euskal Herriko eremuan, %50eko emendatzea hamar urtez. Ber mementoan, Paueko eremuan ikasle kopuruen erena galtzen da, 12.000tik 7.500 ikasleetarat pasatuz.
Egun, Euskal Kostaldeko kanpusea bi tokitan zatitua da. Alde batetik, Angeluko Montaury eremua eta Baionako Errobiko eremua. Bertzalde, ikerketa lanak eremanak dira ; adibidez Euskal testueri eta Euskarari buruzko ikerketa zentroan (UMR IKER) edo Europar ikerketen eta Dokumentazioen Zentroan (CDRE). Jakin behar da ere ESTIA ingeniadore eskolak teknologia berrien arloan goi maila duela Europa mailan. Ikasleentzat pentsatutako polo unibertsitarioa Baterak betidanik ereman ditu bere lau aldarrikapenak Iparraldeko jendartearen interesan. Formakuntza eskaintza zabalago batekin, proposatzen ahal genuke nahi duten ikasleei, goi-mailako ikasketak segitzea etxetik aski hurbil. Ber pentsamoldearekin, jakinez ikasle batzuek ikasketak uzten dituztela diru eskasagatik, pentsa daiteke berezko unibertsitate batek deneri eskainiko duela parada ikasketak segitzeko baxilergoaren ondotik. Holako egitura batekin, tokian berean erabakiko genuke zer nolako formakuntzak ireki behar diren eta norekin harremanak sortuz. Nahiz eta Paueko Unibertsitatea entseatzen den Hegoaldearekin harremanak sortzen, bada oraino ikaragarrizko lana egiteko arlo hortan eta ikasleen arteko trukaketak ez dira naturalki egiten. Azkenik, lortzen badugu berezko unibertsitate bat Ipar Euskal Herrian, posible litaike egiazko politika bat eremaitea ikasleeri buruz (kultur eskaintzak, animazioak...)
Tokiko aktore ekonomikoen parte hartzea Plataformak, bere kide guziekin batera, beti nahi izan du Ipar Euskal Herria garatzea. Berezko unibertsitateak, bere formakuntzekin, ikerketarekin eta sortzen dituen lan postuekin lagunduko luke tokiko enpresak izan ttikiak edo ertainak. Batera ez da sartuko frantses eta europar mailako unibertsitateen eztabaidan (Boloniako prozesua, Unibertsitateen autonomia - LRU legea, ...) bainan pentsatzen dugu posible dela kuadro hortan ere bai ukaitea berezko unibertsitate bat Iparraldean. Gure lurraldeak merezi du tokiko unibertsitate bat, gure haurrek baliatuko dutelakotz, kanpotik etorriko diren ikertzaile eta ikasle guzientzat eta biztanle guzientzat ere bai. BEREZKO UNIBERTSITATEA ORAIN !!! |





