|
BATERA Plataforma : fase berria, proposamen berria, helburu berria 2010-2014 : Euskal Lurralde Elkargo baten sortzerako ibilbidea
- Herrien Biltzarrak 1996an Euskal Departamenduari buruz auzapezak lehen aldikoz kontsultatuz abiatu zuen zikloa hetsi du BATERA plataformak, Kontsulta 124 herritan eginez.
- BATERA plataformaren ustez, gaur egun baldintza objektibo aski bada Euskal Lurralde Elkargo baten sortzerako bidean fase berri bat idekitzeko :
- Jendartearen aldetik nahiz hautetsien aldetik maiz agertu den ezagupen instituzionalaren aldeko nahikaria (inkestak, manifestaldiak, kontsulta galdeak eta kontsulta bera lekuko) ;
- Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak landu dokumentua, Balladur jaunari aurkeztu zitzaiona eta besteak beste Lurralde Elkargo berezi baten sorrera aipatzen duena ;
- 15 urteko esperientzia lurralde gobernantza eraginkorrean ;
- Hautetsien baita ere jendarte zibileko sektore zabal batzuen inplikazio eredugarria esperientzia horretan (suprefetak hemendik joatean elez goretsi duena) ;
- Gobernantza hori eramateko egituren mugak egiaztatuak ;
- Tokiko lurraldeen erreforma berriaren mehatxuak (Pays egituraren desegite arriskua), baina ere,
- Erreforma horren aukera, azken hamarkadetan behin eta berriz egin galde bati erantzuteko eta Euskal Herria behingoz kontutan hartzeko ;
- Azkenik, aipa dezagun frantses gobernamenduak Euskal Herriari buruz duen jarreran elementu estrategiko bat : Hego Euskal Herrian gatazka politikotik sorturiko bortizkeria egoera gainditzeko aukera erreala.
- Iragan martxoaren 14 eta 21eko herri kontsultaren ariketa demokratikoak ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren gaia saihestezina dela erakutsi du, bainan baita Batera Plataformari eta lurralde honetako hautetsiei, gaia beren gain hartzeko ardura ere eman.
Hori kontuan harturik eta kontsultan parte hartu duten milaka herritarrek eman zilegitasunak sendoturik, BATERA plataformak :
- Euskal Herriko jendarteari eta haren hautetsiei proposatzen die eta
- Errepublikako Presidenteari eta frantses Gobernuari fermuki galdatzen die
Euskal Lurralde Elkargo bat 2014ko sortua izan dadin prozesu politikoa gaurdanik idekitzea
¸,¤°´'`°•.¸O¸.•°´'`°¤,¸
Prozesu horren urrats nagusiak honako hauek lirateke :
- 2010-2011 :
- Lurralde elkargo bat sortzeko prozesua idekitzeko Gobernuaren engaiamendua, gaur egungo tokiko instituzioen erreformaren baitan.
- Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen arteko eztabaida zabala, lurralde elkargo horren definizioa zehazteko (Korsikako lurralde elkargoaren egokitzapena adibidez).
- Lurralde Elkargoetako Erreformarako Legean emendakin baten sartzea Euskal Lurralde Elkargo baten sorkuntza bideratu ahal izaiteko.
- 2012ko hondarrean : Euskal Lurralde Elkargoaren sortzeari buruz Ipar Euskal Herriko jendea kontsulta.
- 2013 : kontsultaren emaitzaren arabera (gehiengoa alde eta hauteslegotik gutienez %25ek parte hartzea), lege eta arauen osaketa, lurralde elkargoa sortu ahal izateko.
- 2014 : Euskal Lurralde Elkargo berriko lurralde kontseilarien hauteskundeak.
BATERA plataformak proposamen hau ahal bezain laster aurkeztuko die frantses agintariei, Euskal Herriko hautetsi eta eragile politikoei, ibilbide horri buruzko beraien jarrera ezagutu eta sostengua lortzeko. Besteak beste franses Parlamentuan Euskal Herria ordezkatzen duten diputatu eta senadoreei zuzenduko zaie bai eta kontsulta sostengatu duten auzapezei (erdiak baino gehiago) eta Herrien Biltzarrari ere.
BATERA plataformak Hautetsien Kontseiluari eta Garapen Kontseiluari aurkeztuko die ibilbide proposamena eta pentsatzen du “Nola asmatu Euskal Herriaren geroa?” txostenaren logika jarraikiz (eskuduntza propioak ukanen dituen Erakunde berezia aipatzen zuena besteak beste), bi egitura horiek animazio lana bete lezaketela Euskal Lurralde Elkargo horren definitzeko eztabaidan.
BATERA plataformak Kontseilu Orokorrari eta Eskualdeko Kontseiluari ere galdeginen die gaiaren inguruan jarrera hartzea.
Bestalde, BATERA engaiatzen da datozen hilabeteetan ibilbide horren sozializatze lana ipar Euskal Herriko jendearen baitan egitea, jokoan zer den jakin eta eztabaidan parte har dezan
|