Paris, 1957. ABko kidea da eta euskalgintzako militante gisa Batera plataformako partaidea. Baterak ekimen berria abiatu du
Akitania Erregioko hauteskundeen karietara –martxoaren 14an eta 21ean–. Ekimena herri-kontsulta antolatzea da –posible izanen den herri guztietan–, galdera hau izaki: “Euskal lurralde elkargo
baten sortzearen alde zirea?”. Estatuaren erreformaz, deszentralizazioaz, herri galdeketaz, eta oro har Erregioko bozez mintzatu gara.Nicolas Sarkozy presidenteak Estatuaren erreformari ekin zion 2009an. Zertan datza erreforma hau laburrean?
Erreforma honen bidez –Estatuko egitura handiak ukitu gabe– Estatu azpiko instituzio guztiak berrantolatu nahi ditu Sarkozyk. Lege berriaren bitartez, birzentralizatzeko joera azkartu nahi dute
Frantzian, botere guneak herritarrengandik urrunduko direlarik. Bestalde, edozein gaiez edo edozer politikan eskua sartzeko erregioek eta departamenduek duten eskuduntza orokorra galduko dute.
Erreformaren nondik norakoak ikusirik, Ipar Euskal Herriak ez du izaterik, are okerrago, indarrean dauden hainbat egitura –Pays delakoa, esaterako– desagertu daitezke. Halaber, azpimarragarria
eta kezkagarria da, paraleloki, Estatua zerbitzuen antolamendua murrizten ari dela arlo guztietan: hezkuntzan, justizian, gizarte segurantzan, postetxean...
Erregio bozak heldu dira martxoan. Erreformak, bozek eta Bateraren galdeketak bat egin dute aldian
nolabait.
Baterak 2002an hasi zuen dinamikaren eta logikaren segidan heldu da galdeketa. Testuingurua aldatu denez, ekimen berri hau plazaratzea erabaki dugu. Euskal Herriaren boza entzunarazi nahi dugu
era zehatzez Frantziako Gobernua interpelatzeko.
Nola arrazoitu duzue ekimena?
Gobernuak ez du herritarrek egin duten erreferendum eskaera –32.000 biztanlek izenpetua– entzun nahi izan, beraz, Baterak herriko hautetsien laguntzarekin herri kontsulta antolatzea erabaki du.
Iragan uztaileko Biltzar Nagusian adostu eta publikoki adierazi ondoren, lehen urratsa urriaren 9an eman genuen. Egun hartan, milaka eskaera karta Suprefeturan aurkeztu genuen eta Sarkozyri
berari galde zehatza helarazi genion gutun bidez. Alta, Gobernuak ez dio eskakizunari erantzunik eman. Anartean, Guadalupe eta Martinikan erreferendumak antolatu dituzte, Korsikan ere duela zazpi
urte egin zuten bezala. Euskaldunek ez al dugu eskubidea bera? Gurekiko mesprezua begi-bistakoa da.
Galdeketa antolatzen ausartu zarete.
Baiki. Herritarrek eta hautetsiek biziki ongi erantzun baitiote Bateraren asmoari. Ideia uste baino hobeto ari da zabaltzen, ekimena egunez egun handitzen ari da. 150 bozka bulego antolatzea
aurreikusten dugu 100 herritan, 800-900 lagunen parte-hartzearekin. Momentuz, hautesleen %66a izanen da kontsultatua, bi herenak. Kontsultak ez du balio legalik, gu ez baikara instituzio bat.
Alabaina, nahiz eta balio juridikorik ez duen, balio politiko-sozial azkarra izanen du.
Prefetak hautetsiei kontsultaren antolaketan ez parte hartzeko dei egin die ordea. Zertan da afera?
Prefetak kontsultaren aurrean egin du Laborantza Ganbararen auzian egin duena: beldurra eta nahasketa sortu, baina argumentu juridikorik gabe. Alta, gure erantzuna ikusirik gibelera egin behar
izan du. Suprefetak kontsulta ilegala dela erran die hautetsiei, parte hartuz gero zigortuak izanen direla, baita herritar antolatzaileek ere ondorio juridikoak jasanen dituztela. Areago,
auzapezek ez dutela eskubiderik Baterari materiala edo Herriko Etxeetako gelak prestatzeko adierazi du. Baina hori guztia gezurra da. Auzapezak presionatu nahi izan ditu, herritarrak isilarazteko
eta beldurtzeko. Jurisprudentzia frantsesak dioenez, auzapezak ezin dio elkarte bati materiala ukatu. Gure abokatuek prefetari esan diotenez, bozak ez trabatzea da errespetatu behar den arau
bakarra. Guk hori argi geneukan eta horrela arituko gara. Kontsulta, bozketa ondoko toki batean eginen da, ez leku berean, boz geletan ez da nahasketa izanen.
Trabarik aurreikusten duzue bozka egunean halere?
Ez. Izan zitezkeen trabak saihestu ditugu. Prefetak funtsezko eztabaida ezkutatu nahi zuen. Kontua ez da kontsulta ilegala den edo ez, baizik eta Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala
haizu den ala ez. Jendea horretaz jabetzea nahi dugu.
Emaitzak emaitza, Batera zein emaitzarekin konformatuko litzateke?
Galderari “Ez” asko ematea ere izan daiteke emaitza. Hori da demokraziaren jokoa. Baterak, bi helburu lortzea nahi du: bat, Euskal Herriko gizarteak egiten duen instituzio eskaera ez dela –erreformaren bitartez– zapuztuko agertaraztea. Bi, frantses gobernua interpelatu, ahalik eta mobilizazio zabalena eraginez. Izan ere, kontsulta honen bidez beste mobilizazio mota bat bultzatu nahi izan dugu. Ez da egiazko kontsulta, mobilizazioa da funtsean. Eta mobilizazio bat abiatzean ez dakizu nolako hedadura izanen duen. Kasu honetan ere, jendearen parte-hartzea ahalik eta handiago izan eta mobilizazioak pisu handiago izanen du.
Erregioko bozen emaitzek eragin dezakete erreforman?
Bai, baina erreforma aski aitzinatuta dago. Hainbat lege testu prest daude jada. Noski, eskuinak alimaleko xaflakoa hartuko balu, horrek parlamentuan izan daitezkeen eztabaidetan eragin lezake.
Oraindik trenkatu gabe dauden gai batzuk, emaitzen arabera bideratu daitezke alde batera edo bestera. Baina, funtsean, frantses eskuinak nahiz ezkerrak, barne eztabaida biziak dituzte lege
proposamen horren hainbat punduei buruz
Erreformak erregioen eta departamenduen egiturak ahuldu litzake. Alta, ordainetan, herriek elkargo gisako bat osa lezakete. Zer
iritzi duzu uste horretaz?
Irudiz, botere gunea herrien egituratik herri elkargoetara alda daiteke, eta gero departamenduetatik erregioetara iragan. Beraz, botere bi polo sortu daitezke: Herri Elkargoak eta Erregioko Kontseilua. Oraino ez dira xehetasunetan sartu halere, eta deabrua xehetasunetan gordetzen da. Alegia, nola lotuko dira eskuduntza duten gune horiek? Gai batzuetan, beharbada, hobetze bat izanen da, bestetan, erabakiguneak herritarrengandik urrunduko direla aurreikusten da. Milaka hautetsi galduko dira eta diru publikoa aurreztuko delako pozten dira batzuk, baina, kargu horiek ez dira politikari profesionalenak. Demokraziarako zer da hobe, hautetsi kopurua murriztea edo zabaltzea? Ordezkariak asko izatea onuragarria da printzipioz, hots, herritarrek parte-hartzea herriaren kudeaketan. Erreformarekin aldiz, herritarren aukerak gutxituko dira. (...)
Derniers Commentaires