Herritarren %66k Lapurdi, Nafarroa Beherea
eta Zuberoaren aitortza instituzionalaren inguruan duten iritzia plazaratzeko aukera izango dute datorren martxoaren 14rako Baterak antolatutako herri kontsultan.
DONOSTIA-. Datorren martxoaren 14an Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarren %66k "euskal lurralde elkargo baten alde zira?" galderari erantzuteko parada izango du
Baterak antolatutako herri kontsultan. Izan ere, datuak behin-behinekoak diren arren, Ipar Euskal Herrian dauden 159 herrietatik gutxienez 95etan gauzatuko da hiru herrialdeen aitortza
instituzionalaren inguruko kontsulta.
Batera plataformako kideak Donostian eskaini zuten agerraldia atzo, herri kontsultaren gorabeherak aurkeztu eta haren garrantziaren berri emateko. Boz eskubidea duten 206.921 herritarretatik,
137.975ek eman ahal izango dute iritzia eta hedabideen aitzinean esan zutenez, "gaindituak" dira kontsultak orain arte izandako harrera onarekin.
Zuberoan, gehienetan
"Biziki baikortzat" jo zuten Zuberoan izandako harrera. Bertako herritarrak hainbat betekizun administratibo edota beste motako zeregin ugarirako Biarnora joatera derrigortuak direla aipatu
eta, auzapez zuberotarrek kontsulta babesteko joan den astean aurkeztutako adierazpena ekarri zuten gogora. Gainera, iragarritako datuen arabera, Zuberoako bi kantonamenduetako 36 herrietatik
21etan gauzatuko da ekimena.
Akitaniako Kontseilurako hauteskundeetako lehen itzulian egingo da nagusiki Bateraren kontsulta. Ahatik, Urruña, Azkaine, Senpere, Biriatu, Arrangoitze, Arbona, Ahetze eta Basusarrin, egun
berean AHTri buruzko galdeketa antolatua dagoenez, aitortza instituzionalaren ingurukoa bozen bigarren itzulian egingo da, hau da, martxoaren 21ean.
73 auzapez eta hamarka hautetsik eman diote sostengua herri kontsultari eta horrek ezagupen instituzionalaren aldeko galdeketaren "balio handia" frogatzen duela nabarmendu zuten
agerraldian.
Parlamentu frantsesean lurralde antolaketari buruz abian den eztabaidari ere so egin zioten eta "berez zentralizatua den egitura gehiago zentralizatu nahi dela" salatu zuen Menane
Oxandabaratzek.
Herri kontsulta hau antolatzeko zioak ere azaldu zituzten eta hiru lurraldeon ezagupen instituzionala galdegiteari ekin ziotenetik urteak igaro direla ekarri zuten gogora. Eskaera nabarmena
egon arren, instituzioetatik ez zaiola horri erantzun salatu zuten eta "egoera desblokeatzeko" tresnatzat jo zuten herri kontsulta. Hura gauzatzea "inoren kontra ez doan ariketa demokratikoa"
dela nabarmendu zuten.
Gainera, bozketarako hilabete falta dela-eta, herrien zerrenda luza daitekeela ohartarazi dute
Derniers Commentaires