Berrogoi bat herritar, gehienak hautetsiak, bildu dira Baionan Izurako auzapeza den Daniel Olzomendik "historikotzat" jo duen ekimen batean parte hartzeko. Espresuki, badira lau urte abiatu
sinadura bilketaren emaitzaren berri Estatuaren eskuetan ezartzeko. Orotara 32 000 karta edo sinadura bildu dituzte Lapurdi, Nafarroa Behera eta Xiberoan buruturiko kanpainian. Izan ere,
hautetsiek Suprefeturaren ateak itxiak atxeman dituzte. Azkenik, eskumen politikorik ez duen idazkari batekin solastu da Baterako ordezkaritza.
Maite UBIRIA / BAIONA
Nik, Pirineo Atlantikoetako hauteslea, eskatzen dut herri kontsulta baten antolatzea euskal departamenduaren gaiaren inguruan". Batera plataformak abiatu ekimena
babestuz, Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 32 000 herritarrek eskaera zehazki horri bere sostengua eman diote.
Gaur goizean, Baterako ordezkariek sinaduraz beteriko kartoinak Baionako suprefeturara eraman dituzte. Izan ere, sartzean gelditu dira hautetsi gehienak. Ateak itxita baitziren beraindako.
Orotara berrogei bat pertsona bildu dira "ekimen historiko" horretan parte hartzeko. Gehienak hautetsiak. Beste hainbat sektoretako ordezkariak baziren ere. Hala nola, Sébastien
Castets, Euskal Konfederazioaren ordezkaria, eta Juliette Bergouignan, unibertsitateko erakaslea, Suprefeturara gerturatu dira.
Hautetsiei dagokionez, besteak beste, Sarako auzapeza, Jean-Battit Larronde, Azkarateko auzapeza eta Garazi-Baigorri Herri Elkargoaren lehendakaria den Jean-Mixel
Galant, Bastidako auzapeza, Leopolde Darritchon, Izurako auzapeza Daniel Olzomendi, Arberatseko auzapeza J.S. Bacho,
Liginaga-Astueko auzapeza, Ruben Gomes, edo Alozeko auzapeza Iriart jauna izan dira gaur goizean Baionan.
Izan ere hainbat hautetsik (besteak beste Senpere, Maule, Larresoro edo-ta Hendaiako auzapezek) Baionan izan ez arren gaurko ekitaldiari babesa eman diote.
Herriko Etxe ezberdinetako oposizioko hautetsiak bildu dira baitaere Baterak antolatu ekimenean. Hantxe ziren, besteen artean, Jakes Abeberry (Biarritz), Filipe
Aramendi (Urruna), Mixel Iturbide (Angelu), Aitor Arandia (Baiona), Peio Etxeberri-Aintzart (Donibane Lohizune) eta
Joel Brecque (Biarritz).
Interlokutore politikorik ez
Prefeturak harrera hotza eskeini die hautetsi guzier. Herritarren ordezkariak izan arren ez dute Suprefeturan sartzekorik izan. Hartara, Baterako ordezkaritza osatzen zituzten bost hautetsiek
sinaduraz beteriko kartoinak sarreran utzi behar izan dituzte Suprefeturako idazkari batekin, Cresson jaunarekin, bildu aitzin. Inolako eskumen politikorik ez duen kargu batek hartu ditu,
ondorioz, 32 000 euskal herritarren nahikeria ordezkatzen duten hautetsiak.
Ordu erdi bat luzatu den bileratik atera ondoren Baterako ordezkariek ( Etxeberri, Bacho, Bisauta, Olzomendi eta Dirassar hautetsiek osatzen duten ordezkaritza) kartoinak errekuperatu eta beste
hainbat herri kontseilarien laguntzaz Suprefeturaren patiora eraman dituzte. Ondoren, Dirassarrek, Olzomendik eta Bisautak hitza hartu dute Suprefeturak agertutako "mespretxua" deitoratzeko.
Kontsultaren galdera
Demokraziaren oinarria herritarren boza entzutea dela gogoraziz, Frantziako lurralde berrantolaketaren egitasmoa eta Martinika eta Guadalupen heldu den urtarrilaren 17an eginen den erreferenduma
adibidetzat aipatzen ditu Baterak Sarkozyri igorritako gutunean.
Iparraldean kontsulta antolatzeko eskatuz Frantziako presidenteari helarazi dioten gutunari "erantzun formal bat edo keinu azkar baten ezean" heldu den udaberrian, eskualde hauteskundeekin
batera, herri kontsulta eginen duela Baterak iragarri du Dirassarrek. Plataformaren blogean azaltzen denez, hauxe da erreferendum horretan Baterak herritarrei pausatuko dien
galdera: “Ipar Euskal Herriak instituzioa bat (departamendua edo Lurralde Elkargo
berezia) ukaitearen alde zirea ? ”
/www.kazeta.info webgunetik
Derniers Commentaires