«Euskal lurralde elkargo baten sortzearen alde zira?», galdetuko du Batera-k, eskualdeko hauteskundeen kari. Ehun bat herritan eginen da kontsulta; hots, Iparraldeko %60tik gora herritan.
Nicolas Blain (Baiona,
1988), Makeako hautetsi da 2008az geroz (Lapurdi). Batera-ko kide, herri kontsultaren antolaketan dabil buru-belarri.
Zergatik herri kontsulta antolatu duzue?
Bada hamar bat urte euskal departamendu baten eskaera egiten dugula, eta horri buruz kontsultatuak izatea galdegiten dugula. Nonbait, herritarrei buruzko desafio bat da, kontsulta horren
egiteko engaiamendua hartu genuelako. Botere publikoek ez dute antolatu nahi; beraz, guk eginen dugu.
Kontsulta eskaera horri buruz erantzun izpirik ez da. Isiltasun horri erantzun nahi duzue ere?
Bai. Departamendu osoan, 36.000 lagunek kontsultatuak izatea eskatu dute; 32.000k Ipar Euskal Herrian bertan; hots, hautesleen %10eko muga lortu dugu. Urriaren 9an 32.000 izenpedurak
suprefeturara eraman ditugularik, ez dugu inolako erantzunik ukan, ez gara errezibituak ere izan. Hautetsiak suprefeturatik kanpo gelditu dira, eta hori ez da demokrazia, ez eta
Errepublika.
Nola esplikatzen duzue joera hori?
Gure iduriko galdera da arazoa. Izan Postari buruz edo izan AHTari buruz, beste kontsulta batzuk antolatu dira, baina ez dituzte guk ukan ditugun mehatxuak ukan. Beraz, argi da galderak duela
arazoa pausatzen.
Galderari doakionez, hasieran departamendu bat eskatzen zenuten, orain euskal lurralde kolektibitate bat. Zergatik aldaketa hori?
Jakin behar da 2014an departamenduak desagertuko edo haien zentzutik hustuak izanen direla. Hori kontuan harturik, ez du balio departamendu eskaerara mugatzea. Lurralde kolektibitate baten
eskaeran ari gara... hori izan daiteke departamendu bat, herri elkargo bat, eskualde bat, Korsikan bezala estatutu berezi bat...
Zehazki zenbat herritan eginen da kontsulta?
Orotara ehun bat herritan. Otsailaren 6an egin zen lehen zerrendan, 95 herri ziren. Geroztik bospasei sartu dira, eta oraino sartuko dira. Herrien %60 lortu dugu. Kasik 200 bozka bulego
atxiki beharko dira, mila laguntzaileri esker. Ez genuen hainbeste espero.
Hiru lurraldeetan eginen da? Bai herrietan, bai hirietan?
Bai, hori ere inportanta da guretzat. Hiri handiak egin behar dira, hautesleen erdia hor delako. Baiona-Angelu-Miarritze eta hego kostaldea ez egitea, huts bat litzateke. Laguntzaileak ari
dira biltzen, eta haiei esker eginen dira. Erran behar da gaindituak garela... Angelun 27 bozka bulego atxikitzea ez da Makean bezala, non 400 hautesleentzat bozka bulego bakar bat den. Zaila
bada ere, behar dugu eta lortuko dugu kostalde guztia. Horrez gain, herri txikiak ere inportantak dira. Adibidez, Zuberoa, administratiboki Paue aldera lotua da. Kontsulta hori eztabaida
sortzeko parada da; jakiteko, ez direnez Baiona aldera itzuli behar.
Prefetak, gutun baten bidez, auzapezak abisatu ditu, erranez ezin dutela parte hartu kontsultaren antolakuntzan. Nola analizatzen duzue gutuna?
Berriz ere ageri da galderak duela arazoa pausatzen. Auzapez guztiei igorri zien gutuna, nahasmena sortu nahian. Gutunean dio laguntzen duen auzapeza bere karguetatik kanpo ezartzen ahal
duela. Hori gezurra da. Elkarte bati gela bat, bi aulki eta mahai bat prestatzea, ez da batere legez kanpokoa; legez kanpo litzateke ez prestatzea. Mehatxu politikoak dira, eta guk ez dugu
eztabaida horretan sartu nahi.
Eraginik ukan al du?
Bizpahiru beldurtu dira, auzapez batzuk guri buruz itzuli dira galdera batzuk argitu nahian. Abokatu batzuk ari dira Batera-ren barnean eta inguruan lanean, eta berriz zehazki esplikatuz
argitu da. Kontrako aldea ere izan da. Hastapenean kontra ziren batzuk gutuna ukan eta deitu digute, erranez «nik nire herrian nahi dudana egiten dut, prefetak ez du eraginik eta kontsulta
antolatuko dut!».
Nola pasatuko da eguna?
07:30ean laguntzaileak bilduko dira, 08:00etan bozka bulegoak irekitzeko. Antolakuntza zorrotza izanen da. Ikusi dugu prefeta pixka bat haserre dagoela; guk ez dugu hutsik egin behar, eta ez
diogu argumenturik eman behar. Nahiz ez ofiziala izan, ofizialtasun baldintzak izanen dira: bozkaontziak, gordelekuak, hautesleen zerrendak. Maleruski ez dugu ofizialtasunik, baina,
seriostasuna badugu.
Zer balio ukanen du herri galdeketa honek?
Ez gara instituzio bat, baizik eta herritar mugimendu bat; ez du balio juridikorik. Aldiz, argi da indar politiko bat emanen diogula. Izan bai edo ez, parte-hartze handia baldin bada,
justifikatuko dugu Ipar Euskal Herriarentzat kontsulta bat beharrezkoa dela.
Kontsulta ofizial baten eskatzen segituko duzue, beraz?
Bai. Politikoki eta sinbolikoki indarra ukanen duen ekintza da. Baina, argi da kontsulta ofizial bat eskatzen segitzen dugula. Galdeketa ez dugu herri guztietan eginen; diru aldetik,
adibidez, ez dugu kanpaina egiteko ahalik. Egiazko eztabaida sorraraztea eta kontsulta ofizial baten antolatzea beharrezkoa da.
Herri kontsultan parte hartzera deitzen duzue, baina ez duzue bozkatzeko konsignarik eman?
Jendearen parte-hartzea da inportanta. Bozkatzea da inportantena, erraiteko: «Nik ere nire lurraldearen geroa eskutan hartu nahi dut», eta «ez dute ene iritzia kontuan hartu gabe, erabaki
politikorik hartuko». Ez dugu mementokoz baiaren edo ezaren aldeko kanpainarik egin, eta segur ez daudenek zuri bozkatu behar dute, jendearen parte-hartzea delako inportanta. Ez dugu deitu
bai bozkatzera, baina bistan da baia nagusitzea espero dugula, eta azken mementoan adieraziko dugu.
Zein izanen da ondoko urratsa?
Emaitzak bildu eta parte-hartzeari begiratuko diogu, gure pisu politikoa neurtzeko. Emaitza adieraziko diegu botere publikoei. Zerrendak, jende izenpedurak izanen dira, auzitegiko uxer bat
hartua izanen da ere, legearen arabera baieztatzeko, hobeki erranda, gure legearen arabera baieztatzeko. Kontsulta horri ahal bezainbat seriotasun eta indar politikoa emateko.
«Euskal lurralde elkargo» zabala da. Argitu beharko duzue zer ezartzen den hitz horren gibelean?
Jadanik parte-hartzearekin eta emaitzekin ikusiko da zenbat jenderentzat inportanta den horri buruz daukan iritzia adieraztea. Emaitza horien analisia egin beharko dugu. Batera-ren indarra
hain zuzen da indar gehienak biltzea. Independentistak gurekin dira baita UMPko edo PSko batzuk ere. Beraz, bai, eztabaidak animatuak izanen direla ez da dudarik. Baina hori da mobilizazio
honen indarra; ari gara arrunt irekitzen.
Ipar Euskal Herriko 32.000 herritar eta 131 alkateren aldarrikapena
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona 2010-02-28
Derniers Commentaires