Angeluzainek beregain hartu du Bateraren kontsulta kostako herrian antolatzeko lana. Eskualdeko Bozak eta Batera plataformak bultzatzen duen herri galdezketarekin artean neholako nahasmenik ez
sortzeko berme guziak emanen dituztela nabarmendu dute. Elkarteak azaldu duenez, martxoaren 14an usadioko 26 bozka bulegoen hurbil ezarriko dituzte koltsulta mahaiak. «Ongi seinalatuak izanen
dira mahaiak eta bertan egonen diren arduradunek urdin-turkesa koloreko lepoko bat ukanen dute» azpimarratu dute. Jean Espilondo auzapezak, ordea, «esparru publikoa ezin dutela erabili
kontsulta hori egiteko» ohartarazi du.
Maite UBIRIA | ANGELU
3 770 angelutarrek bere sostengua eman zioten, sinadura emanez, kontsulta antolatzeko Baterak luzaturiko proposamenari. Hau da Angeluko boz-emailegoaren %13,9a Euskal Herriko lurralde
antolaketari buruz herritarrei galdetzearen alde azaldu zen.
Denon Etxean buruturiko agerraldian, heldu den martxoaren 14an Baterak eginen duen kontsulta nola pasatuko den Angelu azaldu du Angeluzainek. Elkartearen ordezkarien ondoan, herri galdezketari
bere sostengua eman dioten jende ezagun batzuk izan dira.
Mementukoz, 30 bat lagunek eta hainbat elkartek ere bere babesa eman diote Batera plataformari. Gaurko agerraldian, besteak beste, Jean Haristchelhar, Beñat
Gimenez, Maite Lafourcade, Txaro Goikolea, Mailux Zaldunbide, Mailen Camblong, Gexan Alfaro eta
Ramuntxo Camblong izan dira.
Angeluzainen izenean, Iñaki Zaldunbide, Monik Lamothe eta Mikel Ithurbide mintzatu dira kontsultaren antolaketaren berri emateko. Baterak
Euskal Herriko auzapez guzier eskutitza luzatu zien joan den udazkenean. Geroztik, Angeluzainek beste desmartxa batzuk egin ditu Jean Espilondo sozialista, herriko auzapezarekin mintzatzeko eta
berarekin batera kontsultaren antolaketa zehazteko.
Izan ere, orain arte Espilondok erantzunik ez duela erantzunik eman azaldu dute. Mikel Ithurbidek zehaztu duenez, «atzo, goizeko 11etan, Herriko Etxean Angeluko auzapezak prefetak emandako
aginduen arabera jokatuko duela erran digute».
Jean Espilondo, anartean, «ez bozka bulegotik hurbil ez esparru publikoaren beste edozein tokitan ere» ez duela Bateraren koltsuta mahaiak ikusi nahi adierazi du gaur arratsaldean.
Hala eta guztiz ere, Angekuzainen agerraldian presente izan den Panpi Dirassar, Bateraren bozeramaileak nabarmendu duenez, «Herriko Etxearen baimena ez da beharrezkoa kontsulta bat burutzeko».
Berez, munizipalitateak ez badu ekimena sostengatzen ere, «herritarrek horrela hala nahi badute kontsulta egin daiteke, inolako nahasmenik eta eragozpenik eragin gabe».
Dirassarrek ez du zehaztu zenbat herritan Bateraren mahaiak ezarriak diren. Gogoratu du, hala ere, sinadura bilketaren garaian, Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroan dauden udalerrien erdia herri
kontsulta egitaren alde azaldu zela. Hau da 85 bat herriko etxe / udalerriek bere sostengua eman zioten Bateraren ekimenari.
«Gure xedea ez da Iparraldeko herri guzietan kontsulta gauzatzea, hala balitz hobe; gure xedea berez herritarrek horrela nahi duten herri guzietan mahaiak ezartzea da» azaldu du
Dirassarrek.
Angelun, usaiko 26 bozka bulegoei hurbil 19 bat mahai ezarriko dituzte. «Ongi seinalatuak izanen dira eta, beraz, martxoaren 14ko Eskualdeko Bozkak eta Bateraren herri kontsulta artean ez dugu
neholaz ere nahasmenik sortu nahi, gainera, mahaietan egonen diren arduradunek urdin-turkesa koloreko lepokoa ukanen dute». Kontsulta egitearekin ados diren herritar guzier parte hartzeko deia
zabaldu die elkarteak.
Mahaien atxikitzeko 80 bat boluntario beharko dituzte Angelun. Jadanik 30 bat jende kontsulta egunean laguntzeko prest azaldu dira. «Gure udalerrian demokrazia garatzeko xede duen ekimen
honekin bat egiteko» deia eginez amaitu du Angeluzain elkarteak gaurko agerraldia.
www.kazeta.info
Aucun commentaire pour cet article
Derniers Commentaires