Jeudi 11 février 2010 4 11 /02 /2010 20:23

batera-donostia1.jpg

Martxoaren 14 eta 21ean izanen diren Eskualde Bozekin batera Ipar Euskal Herrian lurralde elkargoa sortzeko asmoa kari herritarren iritzia jasoko du plataformak. Gaur Donostian eta Baionan agerraldi biga burutu ditu Baterak herri kontsulta non eta nola eginen den zehazteko. Behin behineko datu batzuk eman dituzte ere: dagoeneko 95 herrietan kontsulta eginen dela bermaturik dago eta Philippe Rey prefetaren oharrari muzin eginez 75 auzapezek bere sostengu ofiziala adierazi diote ofizialki ekimenari.



Batera plataformak Donostiako Koldo Mitxelena aretoan prentsaurrekoa eman du. Juan Carlos RUIZ / Argazki Press

Donostiara hurbildu dira Batera plataformako lau kide - Menane Oxandabaratz, Jakes Borthairu, Juliette Bergouinan eta Nicolas Blain- heldu den martxoan izanen den herri galdeketaren nondik-norakoak azaltzeko. Koldo Mitxelenan eginiko agerraldian Ipar Euskal Herriko herritarren artean erakunde berezitua sortzeko nahikeriak babes handia duela nabarmendu dute. 2002. urtean Batera sortu zenetik, asmo horren alde eginiko lana laburbildu dute.

Balladurren erreformaren testuinguruan, departamendua aldarrikatu ordez, lurralde elkargoa izaiteko aukerari buruz galdetuko du Baterak. Sinaduren bilketa egin zuenetik, herritarren esfortzu handiena eskatuko duen ekimena da heldu den martxoan plataformak egingo duena.

Orotarat 870 bat bolondres inguru izanen dira Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko 95 herrietan ezarriko diren 145 bozka bulegoetan. Behin-behineko datuak dira horiek, heldu den astetan kontsultaren itzala zabaltzeko lanean segituko baitu Baterak.

Urtarrilaren 22an Pirinio Atlantikoetako Philippe Rey prefetak gutuna igorri zien Iparraldeko auzapez guzier herri koltsulta horren antolaketan ezin zutela parte hartu gogoratzeko. Alta, mementukoz 76 auzapezek bere sostengua eman diote ofizialki Baterak pusaturiko herri galdeketari. 12 bat auzapezek kontsulta egitea errefusatzen dute. Hala ere, «hizketan gira beti eta meren sostengua emendatuko dela uste dugu», adierazi dute Baterako ordezkariek.

«Ekimena guziz demokratikoa da eta ez dugu nehor bortxatuko parte hartzera» berretsi du Jakes Borthairu plataformako kideak. Eskualde Bozetan neholako nahasmenik edo istilurik ez sortzeko, Frantziako Hauteskunde Kodea hitzez-hitz errespetatuko dutela jakinarazi du. Bozka bulegoak herrko etxeetatik hurbil ezarriko dituzte ( herriko gelak, xapitoak...) eta bertan mahaiak eta bozka kabinak izanen dira. Eskualde Hauteskundeetan bozkatzeko herriko etxean izena eman duten herritarrek soilik ahal dute Bateraren kontsultan parte hartu.

Baterak emandako behin-behineko datuen arabera, Baxe Nafarroa, Xiberoa eta Lapurdin dauden 159 herri-udalerrietatik 95 ( %60a ) kontsulta antolatzeko kapazitatean dira. Hau da hiru lurraldeetako hauteslegoaren %66ak ( 137 945 hautesle kontsulta-gai ) Ipar Euskal Herriak lurralde elkargo berezitua sortzeko egitasmoa kari bere iritzia emateko parada ukanen du

www.kazeta.info

Publié dans : Euskal Lurralde Elkargoa
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires - Partager    
Retour à l'accueil
 
Contact - C.G.U. - Signaler un abus - Articles les plus commentés