Batera plataformak «Estatu frantziarrean nehoiz egin den ariketa demokratikorik handiena» bilakatu nahi du, heldu den martxoaren 14an, eginen den kontsulta. Janeko, herri galdeketaren
antolaketak «auzapezek eta jendartean Euskal Herria lurralde kolektibitareari buruz galdezkatua izan nahi duela» agerian utzi du. Prefetaren «oharrak» alde batera utzita, 89 auzapezek sostengua
eman diote galdeketari. Bestalde, mila bat herritarrek lan eginen dute igandean kontsulta bermatzeko. Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko 122 herritan kontsulta bulegoak ezarriko dituzte. Ipar
Euskal Herrian 159 herri direla aitzat hartuta xifra esanguratsua da oso. Hauteslegoaren %91,54ak bere iritzia emateko parada ukanen du.
«Desafioa handia zen eta denon artean lortu dugu». Daniel Olçomendi, Izurako auzapezak, hitz horiekin laburbildu du Baterak bultzatu duen ekimena bildu duen sostengu zabala.
Plataformako kideak pozik azaldu dira goiz huntan Baionan egin duten agerraldian. «Nehoiz ez da horrelako mobilizaziorik ikusi» gaineratu dute bata bestearen atzetik.
Orotara mila bat herritar inbestitu dira kontsulta antolatzeko lanetan. Baionan soilik 100 lagun goitik lan eginen dutela igandeko kontsulta bermatzeko nabarmendu du Martine Bisauta, Grenet
auzapezaren axuantak.
Bolondres guzi horiei esker, 193 kontsulta bulego ezarriko ditu Baterak 122 herrietan. Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdin 155 herri direla aitzat hartuta,
herri-galdeketak eremu handia hartuko duela begibistakoa da.
Preseski, bozka emateko eskubidea duten herritarren %91ak parte hartu ahalko du kontsultan. Hau da, hauteslegoaren %91,5a gomitatua da Ipar Euskal Herrian lurralde elkargoa
sortzeko egitasmoari buruz bere iritzia emateko.
Olçomendik kantonamenduka kontsultak jaso duen sostengua marraztu du. Hala nola, Garazi-Baigorri kantonamenduko herri guzietan eginen da herri-galdeketa, Mauleko
kantonamenduan hauteslegoaren %91ak bozka emateko aukera du, Atharratzeko kantonamenduan hauteslegoaren %69a deitua da bozketan parte hartzera. Lapurdiko kostadera
etorririk, BABn (Biarriz-Angelu-Baiona) mahaiak ezarriko dituzte eta Hendaia eta Donibane Lohizuneko kantonamenduetako herri guzietan burutuko dute Bateraren
kontsulta.
Prefetaren azken oharrak, «soberan dira»
Jean René Echegaray, Baionako herri kontseilariak, martxoak 1ean Pirinio Atlantikoetako prefetak auzapez guzier igorri zitzaien gutuna izan du aipagai. Bere erranetan, «soberan zen beste gutun
bat» idatzi du Philippe Rey prefetak. Estatuaren ordezkariak Iparraldeko auzapezak «mespretxatu dituela» eta «demokraziari beldur diola» erakutsi duela azaldu du abokatuak, Frantziako
Konstituzioa ardatz hartuta banan banan prefetak emandako argudioak indargabetu dituela.
Urtarrrrilaren 22an bidalitako idatzian agertzen zuen «mehatxuzko tonua» lausotuz, eskualde hauteskundeak
lasaiki igaro dadila ohar teknikoak eginen ditu oraingoan prefetak. Are gehiago, «elkarte batek
eskubide osoa duela konsulta egiteko» aitortzen du.
Aurreneko mezuarekin aldenduta, gutuna hori «goxoago» atzeman du Gracie Florencek. Ezpeletako auzapezak irri batekin amaitu nahi izan du prentsa-agerraldia: «agian, hirugarren gutun batean
kontsultak lortuko dituen emaitz onengatik Batera zoriontzen du prefetak».
«Kontsulta kalme handian eta biziki untsa pasako da», azpimarratu du Jakes Bortairuk. Kontsulta baliogarri ez bada izanen ere, bozketa ofizial baten arauak beteko ditu Baterak.
Bozka lekuak argiki seinalatuko dituzte, boz-paperak, boz-ontziak, gordelekuak eta hauteslegoaren erroldak baliatuko dituzte. Erroldatuta ez diren herritarrek bere iritzia emateko parada ukanen
dute -kaiera batean agertu dira bere izenak- nahiz eta bozken zenbaketa ofizialean aitzat ez dute hartuko.
«Nehorren kontra ez goaz, jendartearen alde baizik. Horregatik, eta oroz gainetik, herritarrak parte hartzeko deitzen ditugu», laburbildu du Bortairuk.
Maite UBIRIA | BAIONA
Derniers Commentaires