Mercredi 21 avril 2010
3
21
/04
/2010
18:22
Ezkerretik eskuinerat, Juliette Bergougnan, Jean Lissar, Sauveur Bacho, Jakes Bortairu et Philippe Duluc, Bateraren ordezkariak. Bob EDME argazkia.
Baterak biltzarra burutu du joan den larunbatean Ezpeletan. Gaur, Baionan egin duen prentsaurrekoan iragarri duenez, iragan martxoaren ospatu zen galdezketak mugarritzat hartzen dute. Frantziar
Estatuak abiatu erreforma, eta hauteskunde zikloa aitzat harturik, « fase berria irekitzeko tenorea dela» uste du plataformak.
Horregatik, eragile guziekin partekatu nahi duten eztabaida abiatuko dute helburu argiarekin: 2012ean Euskal Lurralde Elkargo baten sortzeari buruz frantziar gobernuak erreferendum ofiziala
antolatu dezan, horren ondoren, 2014ean, erakunde berri horren kontseilariak hauteskundeen bitez aukeratu ahal izateko.
Batera plataformak 2014ean Euskal Lurralde Elkargo bat sortua izan dadin ahalbideratzeko prozesua plantzan ezartzea deliberatu du, iragan larunbatean,
Ezpeletan ospatu duen biltzarrean.
Gaur Baionan egin duten agerraldian prozesu horren urratsa nagusiak honako hauek lirateke:
- 2010-2011: Lurralde Ekargo bat sortzeko bidean gobernuaren engaiamendua bilatuko du. Era berean, tokiko eragileekin eztabaida zabala abiatuko dute, lurralde elkargo horren definizioa
zehazteko. Nolabait, Kortsikako erakunde sistema eredutzat hartuko luke Baterak. Bir maneran, lurralde elkargoetako erreformarako legean emendakina sartzeko lan eginen du plataformak, Euskal
Herriko Elkargo baten sorkuntza bideratu ahal izateko.
- 2012ko hondarrean: Euskal Lurralde Elkargoaren sortzeari buruz Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko jendea kontsultatzeko ekimena. Erreferendum ofiziala izatea proposatzen da. Hots frantziar
gobernuak proposatua.
- 2013: Kontsultaren emaitzaren arabera ( gutienez hauteslegoaren %25a parte hartzea litzateke oinarria ) lege eta arauen osaketa burutuko lukete lurralde elkargoa sortu ahal izaiteko.
- 2014: Euskal Lurralde Elkargo berriaren kontselariak hautatzeko hauteskundeak.
Baterako ordezkariek azaldu dutenez, Euskal Herriko aitortza instituzionala lortzeko xede 2006an martxan ezarri zuten ekimena bere helmugara heldu zen joan zen martxoko eskualde hauteskundeekin
batera antolatua izan zen herri kontsultarekin.
Orotara, 34 610 herritarrek parte hartu zuten herri galdeketan, horietarik 27 072 baietz erantzun zioten Baterak pausatzen zuen galderari, bertze 6 625ek, aldiz, ezetza eman zioten euskal herri
elkargo baten sortzeko proposamenari.
«Fase berria, proposamen berria, helburu berria»
Emaitza horiek indar berezia ematen diela aitzina egiteko azaldu dute plataformako kideek. Hartara, euskal lurralde elkargoaren sorrera ahalbideratzeko «fase berri batera igarotzeko» beharra
ikusten dute. 2014ean «frantziar lege sisteman goitik behera sartzen den erakundea» sortzeko lanari eginen diote. Bi urte aitzin hiru herrialdetako hautesleek egitasmoari bere onespera ematen
badiote, erreferendum baten bitez, bederen.
Betidanik Bateraren nahikeria kontsulta ofiziala izan dela nabarmendu dute. «Martxoan egin genuen kontsultak ez zuela balio-eta, bere kexa agertu zuen jendeak arrazoi berria atxematen dutela
orain, kontsulta ofizialaren prestaketan parte hartzeko, espero dugu», azaldu dute.
Mementukoz, lurralde elkargoaren definitzea izanen da plataformak beregain hartuko duen lehendabiziko lana. Horri begira, eragile guziekin mintzatzeko asmoa agertu dute. «Ez dugu nahi nehor mutu
gelditu mahaigainean dagoen galderaren aitzinean», goraipatu du Jakes Bortairuk.
«Frantziar lege sisteman kokatzen da gure eskaera, frantziar legeak ahalbideratzen duen kontsulta egitea aldarrikatzen dugu», azpimarratu du Saveur Bachok, Arberatzeko auzapezak.
Baterako ordezkariek ez dute neholako asmorik bere ibilbide berria bakadadean jorratzeko. Hartara, Juliette Bergouinan-ek nabarmendu duenez, besteak beste, hautetsien biltzarraren konplizitatea
bilatuko dute.
Are gehiago, Euskal Herrian hautatuak izaten diren deputatu eta senaturrei zuzenduko dira kontsulta ofiziala sostengatu dezaten. Beste hainbeste eginen dute eskualde edo departamenduko
kontseilari ekin, baita auzapezekin ere.
Gisa beran, batera plataformak Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseiluko kideri bere ibilbidearen berri emanen diete, «bi egitura horiek animazio lana bete dezatela Euskal Lurralde Elkargo
horren definitzeko eztabaidan». Azken urtetan erakunde propioaren alde egitura ezberdinetan lanean jardun duen hautetsien taldeak aitzina ere bere engaiamendua atxikitzen duela berretsi du,
gaurko prentsaurrekoan, Jean Lissar, Berdeetako eskualde kontseilari ohiak.
Baterako ordezkariek argi dute bere egitasmoa errealitate politikoari egokitzen dela, «baita aukera politikoa izan badagoela». Urtetan «aitzaki gisa» Hego Euskal Herrian ematen ziren «adierazpen
bortitzak» desagertzeko bidean sartzen badira «prozesu politiko baten bitartez», «Iàrraldearen onarpena gauzatzeko azken oztopo ezabatuko litzatekela» azaldu du Bortairuk.
Korsikaren ondotik, Alsazia...
Korsika eredu gisa harturik, «Savoiak eta Alsaziak eskualde ezberdidua bezala onartua izateko urratsa emanen duela laster» azaldu du Philippe Duluc-ek.
Lurralde Elkargoaren izaerari buruz akordio zabala erdiestea du xede Baterak. Hala ere, definizio horretan oinarria batzuk badirela aitortu dute gaurko agerraldian.
«Lurralde Elkargoaz mintzatzen garenean, domeinu oso ezberdinetan ahalmenak eta buxeta dituen marko batetaz ari gira, hauteskundeen bitez hautatzen den asanblea batetaz ari gira», laburbildu du
Bachok.
Maite UBIRIA | BAIONA
Derniers Commentaires