«

»

Jul 28 2016

2016ko uztailaren 27ko ekitaldiaren hitzartzea

Ce message est également disponible en : French

IMG_1297

Guk ere gure etxea !

Azkenean, guk ere gure etxea ukanen dugu !

Etxe xumea da oraindik: teilatu bat, gela andana bat eta ezkaratz haundi bat, denak elkarrekin biltzeko gisan. Xumea da, bainan gurea da! Eta, gure etxe hau ofiziala da : paperrak notarioarekin eginak dira, eta kalastran markatua da !

Orain arte, hamar bat oihal etxetan, banaturik bizi ginen, bakotxa bere alde. Oihal etxe batzuek bazuten itxura, bainan beste batzuek ez sobera, pentze zokoan erdi galdurik…

Aspaldiko asmoa zen gure etxea ukaitea… Ainitz aldiz permisa galdea pausatu izan dugu esplikatuz, guk ere besteen gisa, merezi ginduela gure aterbea…Planak egin eta arra egin izan ditugu… Bainan, aldikal permisa errefusatua zizaukun… Ez ginduen ulertzen errefusa hori, eta, ez ginduen onartzen ere funtesan! Bainan, gehiago dena, beti ta jende gutiagok ulertzen eta onartzen zuten “gainetik” heldu zen errefusa motza! Geroa gehiago jendeek pentsatu dute bazela hor mespretxu mota bat…Besteek bezainbat balio ginduela…

Hogei urtez pasa, eskatu dugu, mugitu gira, beti ta nonbre haundiagoan, beti ta aniztasun gehiago zuen mogimenduan: hautetsi, langile, enpresari, laborari, erakasle, ikasle, gizon eta emazte, zahar eta gazte… Hasiera batean, eskatzen ginduen etxe horri, “Departamendu” baten plana emana gindakon… Gero, “Lurralde Kolektibitatearena”… Eta orai, “Euskal Herri Elkargoarena”. Plan batetik bestera, ez da baitezpada diferentzi haundi haundirik, bainan, iduriz, hau onartu dute…

Ez dira hain segur, “gain hartan” bihotz haundikoak bilakatu bapatean! Bainan, beti errefusatzea ez zitaien gehiago possible : Demokratak omen dira, eta behar dute itxura salbatu!! Beharrik ez dugula amor eman hogei urte horietan ! Beharrik, bakoitzak bere sailetik egin duela bere ahal guzia! Aipatu behar da hemen Bateraren akuilu eta zubi lana 2002-ko urteaz geroztik eta azken hilabate hauetaraino, Iparralde guzia zeharkatu duen karabana pedagogikoa antolatuz… Garapen Kontseilu eta Hautetsien Kontseiluen lan paregabea ere goraipatu behar da, batezere azken lau urte hauetan, lehenik Lurralde Kolektibitateari buruz, eta gero Euskal Herri Elkargoari buruz. Eta nolaz ez gure hautetsiak: ehunka bildu direnak Hazparneko tailerretan, eta gure Herriko Kontseiluetan lan egin dutenak, herrien bi herenek Euskal Herri Elkargoaren alde bozkatzeko gisan !

Bai, zinez, gure etxea eraikitzeko prozesua luzea izan da, batzuetan etsitzekoa… eta memento berean balio haundikoa, parte hartzailea, osoki demokratikoa! Herrialde guttik izan dute parada esperientzi aberats hori bizitzeko. Orain eraikiko den etxeak historio hori guzia berekin izanen du, horrek emanen dako legitimitatea, horren gatik ditu fundazioak azkar. Izan da debate, eta ezadostasun ere: zer da gauza normalagorik? Aniztasuna eta demokraziaren oinarria da hori. Bainan orain emaitza hor da : Herrien gehiengo zabal batek aldeko botua eman du, eta demokrazia beraren izenean, emaitza hori errespetatu behar da ! Ez da atzera itzultzerik! Iparralde hunek momento historikoa bizi du !

Orai, etxe horren ibilmoldea eta lan sailak bidean ezartzeko, Herritarrek igurikatzen dutenari erantzuteko, hautetsiak pondu guzien aurreikusten ari dira, heldu den urtarrilaren lehenean sortuko den Euskal Herri Elkargoak esperantza guziak ase ditzan. Gai guziak tratatuko dira: izan dadin funzionamendua segurtatuko duten estatutoak, gobernantzia, edo fiskalitatea; Izan dadin eguneroko biziari lotuak diren gaiak: enplegua, etxe bizitza, garraioak, ingurumena, hizkuntza, laborantza, goi mailako hezkuntza eta beste…

Garaia da denak elkatzeko: nehork ez du kaltetu behar amankomunean eraiki behar dugun etxea. Lurralde osoaren arteko elkartasuna, Herritarren eguneroko beharreri erantzutea, eta Iparraldeari gorputza eta izpiritua emaitea: horra abiatzen den bidearen helmuga! Hautetsi ala jendarte zibileko kide, guziek inplikatu behar dugu bide hortan, helmuga berari buruz.

Orai pausatzen da lehen harria, eta bakotxak bere harria ekarriko du eraikuntzari, denborarik galdu gabe, urtarrilaren lehenean finkatua baita estrenaldia!

BATERAk segituko du, orai arte bezala, gogotsu eta langile !

Bai, guk ere gure Etxea izango dugu, denen Etxea ! Etxe hori izanen da, eraiki nahi duten guzien Etxea, hor sortuak edo ez… Proietoak gaitu bat egiten !

Biba Euskal Herri Elkargoa ! Biba hein hortara heltzea permetitu duten guziak!