Warning: Trying to access array offset on value of type null in /homepages/14/d353895397/htdocs/wp-content/plugins/cocorico-social/cocorico-social-functions.php on line 186

Warning: Trying to access array offset on value of type null in /homepages/14/d353895397/htdocs/wp-content/plugins/cocorico-social/cocorico-social-functions.php on line 186

Warning: Trying to access array offset on value of type null in /homepages/14/d353895397/htdocs/wp-content/plugins/cocorico-social/cocorico-social-functions.php on line 186

Warning: Trying to access array offset on value of type null in /homepages/14/d353895397/htdocs/wp-content/plugins/cocorico-social/cocorico-social-functions.php on line 186

Warning: Trying to access array offset on value of type null in /homepages/14/d353895397/htdocs/wp-content/plugins/cocorico-social/cocorico-social-functions.php on line 186

Kazeta.info – 2015rako Euskal Herriko Lurralde Elkargoa sortzea eskatuko du Baterak Parisen

Baionako Merkatal eta Industria Ganberako gela handia jendez beterik zen larunbat arratsaldean. Batera plataformak antolatu Euskal Herriko Jardunaldiek ehunka lagun erakarri dituzte. Hautetsiak, elkarteetako kideak, sindikalistak, euskalgintzako militanteak, herritar soilak… Plataformak erakutsi nahi zuen lurralde elkargoa sortzeko proiektuak gizarte zibilaren duela eta helburua aise gainditu du. Are, aldarrikapen hori zehaztasun handiz biltzen duen adierazpena hartua izan da biltzarrean. Deszentralizazioaren III. Aktak Euskal Lurralde Kolektibitatearen sortzeko egitasmoa jasotzea nahi du Baterak. Horrela, hemendik bi urtera herritarrek egitura berria kontsultaren bidez baieztatu ahalko lukete eta 2015ean Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko biztanleek lehen asanblada hautatuko lukete bozkaren bidez. ( Irakurri ere: MIG-en ospatu jardunaldian hamaika ahots entzun dira ).

Maite UBIRIA / BAIONA
Parlamentariek, kontseilariek, auzapezek, Voynet ministroaren garaian sorturiko Garapen eta Hautetsien Biltzarreko ordezkariek, Merkatal eta Industria Ganberako lehendakariak, eta baita sindikalistek, alderdietako bozeramaleek, elkarte anitzetako ordezkariek edo euskalgintzako eragileek erantzun dute Batera plataformak eginiko deialdiari.

Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko populazioaren ordezkaritza zabala bildu da Baionan Euskal Herriko Jardunaldiak kari. Baten batek zalantzak bazituen, lurralde elkargoaren aldeko desmartxak adostasun handia lortu duela Ipar Euskal Herrian agerian utzi du bilkurak. Izan ere, Mauleko auzapeza, Mixel Etxebestek nabarmendu bezala “lan handia dugu aitzinean, jendeari gure nahikeria ezagutarazteko, gizarte honi azaltzeko ez dugula estaia berria eman nahi millefeuille horretan eta inportantagoa dena: eskatzen ditugun eskuduntzek ez dutela finantzamendu aldetik zama gehiago ekarriko jende guziari azaltzeko”.

Lurralde elkargo baten sorrerak “eguneroko bizitzan” ekarriko dituen onurak gizarteratzearekin batera, bi helburu dituzte Ipar Euskal Herriko “berezitasunak” aintzat hartuko dituen erakundea sortu nahi dutenek: Hurrengo fase batean lurralde elkargo horren egituraketari buruz eta fiskalitateari hitz egin eta adostu beharko dute.

Urriaren 22an Hautetsien Kontseiluan emanen da eztabaida hori eta bertan adostasun batera heldu beharko da. Kontsensoaren bidez aitzina egiten baitu, batzutan mantso bestetan azkarrago, badira hogei urte bere ibilbidea abiatu zuen Batera plataformak.

Euskal Herriko Jardunaldietan adierazpena onartu dute eta agiri horretan jasotzen diren eskariak Pariserat eramanen dituzte. Urriaren 11an deszentralizazioaz arduratzen den Lebranchu ministroarekin hitzordua hartua dute hautetsiek. Ez da hitzordu bakarra: frantziar estatuko hiriburuan Deszentralizazioaren III. Akta eztabaidatuko dute, heldu den astean bertan, Senatuan. Euskal Herrian, Hautetsien Biltzarrak bere bilkura eginen du eta Saveur Bachok iragarri duenez “azalpen lana” segituko dute bertan lurralde elkargoaren aldeko mugimenduak gero etan indartsua bilakatu dadin.

Adierazpenaren mamia
Azken 15 urtez gizarte zibilak, alde batetik, eta hautetsiek, bestetik, lurraldeko garapen sailean eginiko lanaren ibilbidea laburbildu ondoren, adierazpenak argiki jasotzen du “gaur egun baldintza guziak bilduak direla Ipar Euskal Herriaren ezagupen sinboliko eta politikoaren eskakizunari erantzun egokia emanen dion egitura politiko iraunkorra sortzeko”.

Egitura horrek “lurraldearen kudeaketa hobetzeko eta lurralde honetako herritar guzien beharrei erantzunen dieten elkartasunezko politikak bideratzeko” baliogarria dela gaineratzen du adierazpenak. Ber maneran, lurralde kolektibitate baten sorrerak anitz lagunduko duela “euskararen koofizialtasuna lortzen, eskumen zabaleko unibertsitatea sortzen, laborantza ganbara sortzen baita laborantza gidatzeko lurralde batzordea ( CTOA) xutik ezartzen” adierazi du Baterak.

Iragan uztailean eginiko agerraldian lurralde elkargoak ukan beharko lituzkeen ezaugarriak azaldu dituen plataformak eta horiek jaso ditu MIGen aurkeztu adierazpenean:

Lehenik eta behin erakunde horrek Ipar Euskal Herriko 159 herri bere baitan hartu beharko lituzkeela argitu du plataformak. Hau da,  “gaur egungo “Pays Basque” herriaren eremu geografikoan gauzatuko da, 1997ko erabaki prefetoralak definitu bezala”.

Lurralde Elkargoak oinarrizko eskumenak behar lituzke hastapenetik baina denboraren poderioz ahalmen berriak izaiteko aukera bermatu beharko luke Estatuak. Hau da, “lurralde elkargoa denboran moldakorra izanen da bere antolaketan zein eskumenetan”.

Lurralde elkargoak eskumen propioak ukanen ditu, “Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak identifikatu lurraldearen beharrei egoki erantzuteko”.

Lurralde Elkargo horrek beste maila administratiborik sortu ez dezan, eskumen horien artean gaur egungo departamenduko eskumen guztiak ukanen ditu.

Horren harira, Seaskako lehendakariak Paxkal Indok argiki mintzatzeko
tenorea dela azaldu du. “Tabu batzuk altxatu beharko ditugu: Pirinio
Atlantikoetako De partamendua ez da gehiago izanen, bearnesak eta
euskaldunak etorkizunean banandurik biziko gira, baina beti bezain
lagun”.

Azkenik, Parisen prestatzen ari den Deszentralizazioaren III. Aktak Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren sorrera jaso behar duela uste du Baterak. Gauzak horrela, “hemendik bi urtera kontsulta bidez biztanleek onarturik izanen da, bere lehen asanblada 2015ko hauteskundeetan karietara herritarrek zuzenki hautatzeko gisan”.

Leave a Reply